2014/12/01

Euskararen Nazioarteko Eguna Inmakulada Ikastetxean



                                           

Inmakulada Ikastetxean ere euskararen normalkuntzan pausoak emanten ari gara. Horregatik, aurten Euskararen Nazioarteko Eguna bi egunez ospatuko dugu MEREZI DU ETA! Aurtengo leloa  EUSKARA ARI DU INMAKULADAN .
Abenduaren 2an herri mailan izango dugu festa Hernaniko beste ikastetxeetako ikasleekin batera. Abenduaren 3ari dagokionez, egitaraua xumeagoa izango da: goiz hasieratik Skatu taldearen “Lingua Navarrorum” abestiarekin girotuko gara. Ondoren, dagoeneko guretzat ezaguna den “Txor-Txor” pertsonaiaren ipuina, LH 3. ziklokoek, HH eta LH 1. ziklokoei emanaldia eskainiko diete. LH 2. zikloak ipuinaren Powerpointa ikusiko dute eta DBHkoek, berriz, zine foruma izango dute. Bai ipuina eta bai zine foruma ondoren datorren ekintza girotzeko izango dira. Izan ere, HH, LH eta DBHko ikasleek lehiaketa batean parte hartuko dute. HH eta LHkoek “Txor-txor” pertsonaiaren familia sortuko dute marrazki bat eginez edo komiki bat sortuz, eta DBHkoek “Zer sentitzen duzu euskararekiko?” galderari erantzunez, idazlantxo bat egingo dute. Etapa bakoitzeko irabazleak Elkarren xahutzeko 20€ko bono bat irabaziko du.

HHkoek beraien marrazkien erakusketa ere jarriko dute lehenengo solairuko pasilloan eta abestiak, dantza eta jolasez disfrutatuko dute. Arratsaldean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikus-entzunezkoaz gozatzeko aukera izango dute. Ondoren, eta eguraldiak laguntzen badu, Txantxillako parkera hurbilduko dira.

LHkoek zine foruma euskaraz izango dute arratsaldean.

2014/11/23

EUSKARAREN EGUNAK:Euskara ari du Hernanin!


2014ko azaroaren 29tik abenduaren 3ra

Hernanin euskararen erabilera sozialari bultzada bat emateko asmoz, azaroaren 29tik abenduaren 3ra “euskara ari du” ekimena antolatu dugu herriko hainbat elkarte, eskola, erakunde eta herritarrekin batera Inmakulada Ikastetxekook.

Azken hogei urte hauetan ezagutza mailan aurrera pauso handiak eman ditugu Hernanin ere, eta gaur %60 gara euskaldun eta beste %20k ulermen maila badu. Prestatutako ekimen honekin, baina, kaleko erabilera bultzatu nahi dugu, lagunartekoa, egunerokoa,... batik bat.

Herritarron konpromisoa beharrezkoa da, ordea, ez baikara egun batetik besterako helburuez ari; jendearen mentalitate eta ohitura aldaketez baizik. Horregatik, ekimen partehartzaile eta iraunkorra izatea dugu helburu. Iaz hasi ginen eta aurtengo hau haren jarraipena da.

Herritar guztientzako hainbat ekintza daude prest astebeteko programazioaren barruan, eta ikastetxeko kide guztiei zabaldu nahi diegu ekimenean eta ahaleginean parte hartzeko gonbita. Denon artean ohitura txiki batzuk aldatuz egunerokoan euskaraz egiteko aukera badugulako.  Gurdi hau honaino ekarri duten gure aurrekoei zor diegu.

Azaroaren 29an, larunbata, eguerdiko 12:30ean, emango diogu hasiera asteari. Txantxangorri elkartearen atarian egingo dugu ekitaldi xume bat. Nahiko genuke zuek  bertan egotea.

Aurrez mila esker.


Denon artean lortu baietz Hernani euskalduna!


Ondorengo lotura autatu, eskubiko botoiarekin klikatu eta, bertan duzu, egitarau osoa ikusteko aukera.


https://drive.google.com/file/d/0B9ByhX4dFzecWnUwR1Fwakpha0E/view?usp=sharing

2014/11/13

EUSKARAREN EGUNAK 2014: MINTZODROMOA

Iaz hasiera eman genion egitasmo erraldoi honi, eta, aurten ere, jarraipena ematea pentsatu dugu. Esan eta egin! Bertan, parte hartzaileak, Hernaniko ikastetxe guztiak, AEK, Udal Euskaltegia, Banaiz Bagara elkartea, Berriak, Hernaniko Udala, Berriaren Lagunak Elkartea...eta abar bat izan gara.
Aurrera eramango diren ekintzen artean, Mintzodromoa dugu.

MINTZODROMOA 


HELBURUA
Mintzodromoaren helburua euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera animatzea da; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea; euskalduna izan arren, ohituraz euskara gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea... azken batean, elkarrekin euskaraz aritzea.

ZER EGINGO DA MINTZODROMOAN
Lauko taldeetan, mahai baten bueltan euskaraz aritu aldez aurretik zehaztutako gaien inguruan. Mahai bakoitzean euskaraz maila ona duen laguntzaile bat izango da. 
15 minutuko txandetan arituko dira aldez aurretik zehaztutako gaiei buruz. Gai bakoitza lantzeko mahaiz aldatu beharko dute parte hartzaileek, beste hiru mintzakiderekin aritzeko. Laguntzaileak beti mahai berean egongo dira, dinamizatzaile papera egiteko.

ZENBAT SAIO  ETA  ZEIN  ORDUTAN
Bi saio egingo dira, goizean bata eta arratsaldean bestea.
1.  10:00etan
2.  18:00etan

NOIZ IZANGO DA
Abenduaren 1ean, astelehena.

ZEIN LEKUTAN
Atsegindegin.

IZEN EMATEAK
Noizko? Azaroaren 10etik 23ra.

Nola? Zentro bakoitzean jaso eta gero udal euskaltegiari eman edota e-postaz ondorengo helbidean:euskaltegi@hernani.net

2014/11/12

KORRIKA 19


IPUIN KONTALARIA

Dobera Euskara Elkarteak eskaintzen dizkigun egitasmoekin jarraituz, pasa den ostiralean, azaroak 7, LHko 5. eta 6. mailako ikasleak Biterira joan ziren ipuin kontalaria ikustera. Primeran pasa zuten arratsaldea eta parte hartzeko aukera izan zuten ere. Gai desberdinetako ipuinak entzuteko aukera izan zuten eta guztiak oso dibertigarriak izan ziren.

2014/10/28

DOBERA EUSKARA ELKARTEAREKIN LANEAN


Badira urte batzuk Dobera Euskara Elkarteak dituen egitasmoetan parte hartzen dugula, besteak beste, Jolas eta Solas eta Hamaika batuaz. Elkarteak, euskaraz aritzeko aukera eman nahi die, euskara gutxi edo ezer ere ez dakitenei, baina baita ere, euskaraz jakin eta beraien ingurugiroan euskaraz aritzeko aukera ez dutenei.

Jolas eta Solas egitasmoan, HH3, LH1 eta LH2ko ikasleek hartzen dute parte eta saioak jolas garaian gauzatzen dira. Hamaika Batuazen , berriz, LH 5 eta 6, eta DBH osoa ari da solasean.  Bai batzuk eta baita besteak borondatez doaz. Elkarteak oso argi du, helburuetako bat gure hizkuntzarekiko - EUSKARA- gerturatzea norberak hala nahi duelako izan behar dela, benetazko sentsibilizazioa lortu nahi bada.

Aukera paregabea izan, bada, eta, itxuran, gure ikasleak hortaz ohartu dira. Izan ere, sekulako arrakasta izaten ari dira saioak, asteartero 12:30etik 13:30era DBHkoak, eskolan eta LHkoak, beste ikastetxekoekin batera Biterin arratsaldeko 5:00etatik 6:00etara.

2014/07/03

KIDETZE PLANA

Aurten DBH 1 eta DBH 2 ko klaseetan euskara motibatzeko saioak aurrera eraman ditugu. Kidetze plana izan da saio hauetako ekintzarik garrantzitsuena. Bertan,  ikasleek antzerki bat prestatu zuten HHko ikasleei aurkezteko, Hiru txerritxoak eta Txanogorritxu, hain zuzen ere. Guztiek hartu zuten parte, batzuk aktore moduan ibili ziren, eta besteak dekoratua prestatzen.

Ikasle guztientzat esperientzi berri eta oso onuragarria izan da. Ederki pasa dute, eta garrantzitsuena, euskara eguneroko normaltasunean erabiltzeko aurrera pauso handia egin dute. 

2014/06/19

Gatibu - Bihotza suten


Abesti honekin bukatzen dugu aurtengo ikasturtea. Kanta guztiak gustatu izana espero dugu. Uda ona pasa eta hurrengo urterarte!

2014/06/03

LIBURU GOMENDIOA

MARGOLANA

Istorioan bi gazte arrunt daude, ez diete inori kalte egin, baina haien bizitza egun pare batean ikaragarri aldatzen da.
Protagonista eta haren laguna eskolara joan ziren; klaseak ohikoak ziren, baina, historiako irakasleak zerbait ezberdina egin zuen egun hartan: margolan txundigarri bat erakutsi zien eta biak harrituta geratu ziren. Egun horretan bertan etxerako bidean, margolanaren bozetoa lapurtzea erabaki zuten, irakasleak ere bazeukana. Elurra ari zuela-eta, aste oso batean ez zuten klaserik izango eta momentu egokia iruditu zitzaien lapurketa egiteko.
Bozetoa lapurtzea ez zen zailegia izan, baina gauza ikaragarri aldatu zen, teleberrian margolana ere falta zela entzun zutenean. Protagonista ez zen aste osoan etxetik atera, oso urduri baitzegoen. Eskolara itzultzeko unean irakasleek galdera pare bat egin zieten eta bi lagunak, gezurra esanez, momentuz libratu ziren. Alabaina, oso urduri zeuden: edozein momentutan lapurtzat har zitzaketen.
Seguruena itzultzea zela pentsatu zuten, eta gau batean linternak hartu eta institutura joan ziren bozetoa bere lekuan uztera. Segurtasun zaindaria handik zebilen eta gazteak liburutegian zeudenean atea giltzez itxi zien. Azkenean, hurrengo egunean inor konturatu gabe irten ziren, baina batek linterna galdu eta segurtasun zaindariak aurkitu zuen. Eskolako zuzendariak ertzainei deitu eta atxilotuak eraman zituzten protagonista eta laguna. Galdeketa egin zieten eta  protagonistak gezur pila bat esan zien, baina, lagunak egia osoa kontatu zien. Ertzainak etxera joaten utzi zien.
Etxera iristean protagonista ganbarara igo eta han bakarrik zegoela pentsatuz egurrezko kaxa batetik margolana atera zuen, baina hark jakin gabe bere laguna atzean zuen...

Iritzi pertsonala
Nire ustez liburua oso interesgarria da; hasieratik amaierara harrapatzen zaitu istorioak, gehiago jakiteko premia ematen dizu. Oso motza egin zait, asko gustatu zait.
Eta gainera, amaierak asko harritu zaitu...


Eider Altuna

2014/05/27

LIBURU GOMENDIOA


BIZI NAHIAK LEGE ZORROTZAK

Nik irakurri dudan liburua Agustin Zinkunegi idazle Gipuzkoarrarena da. Liburuak idazlearen bizitzan gertaturiko pasarteak kontatzen dizkigu.

         Nire ustez, oso liburu ona da. Antzinako euskaldun ugarien bizitza kontatzen digu, baita haiek gerra zibilean sufritutako ezbeharrak ere. Etxea eta familia utzi behar izan zituela borroka egiteko kontatzen digu Agustinek.
            Bestalde, gerra jasan eta geroagokoak azaltzen dizkigu, lan murrizketak, besteak beste. Haren hitzetan, oso gogorra izan zen fabrikak itxi behar izatea hauek paisaia kutsatu ondoren, ezertarako balio izan ez zutelako batik-bat.
            Liburutik kenduko nukeen gauza bakarra, azkenaldean hark egindako mendi ibilaldiak dira. Oso astunak iruditzen zaizkit irakurtzeko eta ez diet gogo handirik jartzen. Hala ere, Agustinek berak badaki zati hori jendeari ez zaiola asko gustatuko, berak esaten baitu harrokeria nabarituko dutela.
            Liburua irakurtzeko gogoa duten guztiei gomendatzen diet, interesgarria delako. Pertsonaiei dagokienez, protagonista idazlea bera da. Beste pertsonaia guztiak bigarren mailakoak dira eta ez du antagonistarik. Bigarren mailako pertsonaien artean badaude bere lagun minak; hauei bertso ugari botatzen dizkie.

            Azkenik, geuk nahi dugun liburua irakurtzea asko gustatu zaidala esan behar dut eta gusturago irakurri dut.


Igor Huegun

2014/05/17

EUSKARAREN ERABILERAREN NEURKETA GURE IKASTETXEAN

DBH 4ko ikasleek amaitu dute gure ikastetxeko ikasleen, txiki zein helduen, euskararen erabileraren neurketa. Emaitzak ikusi  eta gero, nahiko  pozik azaldu dira, izan ere, orokorrean, uste baino emaitza hobeak atera dituzte.

DBH 4ko ikasleak lau taldetan banatu  dira. Talde batek HHko ikasleak behatu ditu, beste batek LHkoak, hirugarren batek DBHko ikasleak, eta azkeneko taldeak  lanbide heziketakoak. Behaketa jolas garai batean gauzatu ondoren, datu bilketa egin eta, emaitzak power point batean aurkeztu digute. Lan txukuna, bai horixe!



2014/05/16

KIDETZE-PLANA PRESTATZEN

Motibazio saioen arira, DBH 1 eta DBH 2ko ikasleak kidetze-plana prestatzen ari dira. Jarduera honetan  ikasle helduak eta gazteagoak kidetzeko proposamena egin dugu. Ikasle helduenak gaztetxoengana joango dira ipuin bat kontatzera.
Ikastetxearen hizkuntz normalizazioan ikasle nagusiak subjektu aktiboak izatea da gure helburuetako bat. Gainera, ekintza hau medio, motibazioa indartzea lortu nahi dugu eta baita lortu ere, izan ere, DBHko ikasleak irrikitan daude saioa gauzatzeko. Ekainaren 6an izango da.

2014/05/13

IKASTETXEKO PAISAIA LINGUISTIKOA EUSKALDUNDUTA

DBH 3ko ikasleak zoriondu beharrean gaude. Izan ere amaitu berria  dute paisaia linguistikoaren euskaldutze lana. Bejondeizuela, lanean gogotsu aritu baitzarete!




2014/03/20

PAISAIA LINGUISTIKOA EUSKALDUNTZEN

Euskara motibazio saioen inguruan, DBH 3ko ikasleek ikastetxeko paisaia linguistikoa euskalduntzeari ekin diote. Lan handirik izango ez duten arren,  gusto handiz ekingo diote egiteke dagoenari.



2014/03/06

ERREGEAREN MEZULARIA

ERREGEAREN MEZULARIA ( Toti Martínez de Lecea)


Ikasturte honetan, Erregearen Mezularia izeneko liburua irakurri dugu, XIII. Mendeko gertakizunak azaltzen dituena, Navas de Tolosako gudua, besteak beste. Protagonistak, Otxoa Izurrak, Nafarroako erregeari setio baten berri eman behar dio, haren lurraldeak ez galtzeko.

Azken bolada honetan, honen antzeko eleberri historiko asko hedatzen ari dira, iraganeko pertsonaien istorioa eta dibertsioa ondo tartekatzen dutelako. Liburuan ikusi dugu idazleak Euskal Herriarekiko duen interes handia, izan ere, ipuinean agertzen diren kokapen gehienak Nafarroan daude. Istorioan Gasteizek ere oso garrantzi handia du, bertan setio bat izan zelako. Gertakizun hauek liburuaren argudioaren hasiera ematen dute.


Gure iritziz, oso liburu ona da, garaiko bizimoduak, akzioa eta jakin-mina oso ondo lantzen dituelako. Eszenak oso ondo irudikatu ditugu. Pertsonaiak interesgarriak dira, eta denbora guztian dakigu pentsatzen edo sentitzen dutena. Espero ez genuen amaiera misteriotsu bat du, eta horrek gehiago irakurtzeko gogoarekin uzten gaitu. Zati gehienak erakargarriak dira, misterio bat dagoelako. Hala ere, atal batzuk ez zaizkigu asko gustatu, adibidez, protagonistaren lagun mina hiltzen zutenean. Orokorrean, asko gozatu dugu eta egilearen beste liburu bat irakurriko genuke.

Judith Queija eta Javier Hernández

Ken Zazpi - Zapalduen olerkia


Gustokoa al duzu? Besteren bat entzun nahiko al zenuke? Esan eta bilatzen saiatuko gara!

Igor Huegun eta Ane Udakiola

2014/02/28

GAIZKA MARKOTE gure ikasle eta idazlea

Gaizka Markotek, MANGA komikietan oinarritutako liburu bat idatzi  eta argitaratu berri du La Melodia de los Infiernos (Palibrio argitaletxea, Amazonen dago salgai). Liluratuta gelditu ginen denok, liburua gelan aurkeztu zigunean. Horregatik, jakin-mina sortu zitzaigun eta, idazle eta margolari izatearen zaletasun horri buruzko informazio gehiago izatearren, elkarrizketatua izateko prest egongo litzatekeen galdetu genion. Berak baiezkoa arro eman zigun. Beraz, hemen duzue  bi gelakidek, Ainhoa Segoviak eta Ane Ollok,  prestatutako eta grabatutako solasaldia (Inauteritan grabatua izan zen)

2014/02/06

BERRI TXARRAK Ezagutzen al duzu kanta hau?


Ikus-entzun ezazu eta eman zure iritzia.

Ane Udakiola eta Igor Huegun
DBH 4

EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA MOTIBAZIO SAIOAK DBHn

           Gure ikastetxeak, Dobera Euskara Elkartearen laguntzarekin, euskara eta euskal kultura motibazio saioak antolatu ditu DBHn.

           Gure ikastetxeko ezaugarri nagusia hizkuntz aniztasuna eta, beraz, kultur aniztasuna dira. Aitzitik, euskara eta euskal kultura ditugu oinarri nagusi,eta hori ikasleei eskaintzea da gure erronka.


Nerabeen artean euskararen erabilera sustatzeko aurrera eramaten ari diren hainbat proiektu ezagutu ditugu azken hilabeteotan eta baita beraietan parte hartu ere. Baina edozein modutan, erabilerari ez ezik, hizkuntza bera ezagutzeari ere erreparatu behar diogu, gure gazteen portzentai altu bat hizkuntza jakin gabe iristen baita. Eta hizkuntza ikasteko gogoari zer esanik ez, hori izango baita MOTIBAZIO SAIO hauen funtsa. Argi dugu gure eskolan pasatzen dituzten urte gutxi horietan ia ezinezkoa dela hizkuntza guztiz ikastea (nahiz eta ikasle batzuek lortzen duten), baina hizkuntza ikasteko gogoarekin joaten direla ikusten badugu, garaipen handia izango litzateke.

 Argi daukagu baita ere, lehenengo ikasleen bihotzetara iritsi behar dugula motibazio saioen bitartez, ondoren, denboraren poderioz eta norberaren gogoak medio, euskara ezpainetara iritsiko da.

Gure helburu nagusia hauxe da: Euskal kultura eta euskara ikasleei ezagutarazi eta ezagutza honi esker euskara hizkuntza ikasteko motibazioa areagotzea. Eta horretarako, hainbat saio antolatu ditugu. Horien artean, mahai jolasak, Euskara Batzordeko blogean aktiboki parte hartu euskal musikari eta musika taldeen  bideo klipak zintzilikatu eta ikaskideen iritzia eskatuz; Dobera Euskara Batzordearen laguntzaz, ikasleen arteko euskararen erabileraren neurketa ere egingo dute eta abar luze bat.