2013/12/19

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA



"25 URTE EUSKARA SENTITZEN". Euskara sentitzen, euskara ikasten, euskaraz hitz egiten eta euskara maitatzen! Bai, 25 urte dira D eredua ezarri zela gure eskolan eta une hain berezi eta garrantzitsu haiek oroitzeko eta ospatzeko helburuarekin, eskolako irakasle eta ikasle guztiak elkartu gara argazki bat ateratzeko. "25 urte euskara sentitzen" da hain zuzen ere leloa eta Euskara Batzordetik espero dugu izan daitezela milaka eta milaka gehiago!

2013/12/04

25 URTE EUSKARA SENTITZEN


Gure herrian, eta bereziki, gure ikastetxean,  Euskararen Egunak 365  direla adierazi nahi dugu muntai txiki honen bidez. Jakin, ikusgai duzuela ere, Biteri kultur etxeko erakusketan abenduaren 5a arte.

2013/12/01

EUSKARAREN EGUNAK

Hernanin euskararen erabilera sozialari bultzada bat emateko asmoz azaroaren 30etik abenduaren 6ra “euskararen egunaK” ekimena antolatu dugu herriko hainbat elkarte, eskola, erakunde eta herritarrok. Horien artean gure eskola.
Azken hogei urte hauetan ezagutza mailan aurrera pauso handiak eman ditugu baina prestatutako ekimen honekin, kaleko erabilera bultzatu nahi da, lagunartekoa, egunerokoa,...
Herritarren konpromisoa beharrezkoa da, ordea, ez baikara egun batetik besterako helburuez ari; jendearen mentalitate eta ohitura aldaketez baizik. Horregatik, ekimen parte hartzaile eta iraunkorra izatea da helburua.
Nola parte hartu du gure eskolak antolakuntzan?
-       Egitaraua antolatzen eta berau osatzeko ideiak ematen.
-       Abenduaren 2tik 5era Biteri kultur etxean egongo den erakusketan aktiboki parte hartzen: LHko ikasleek egin dituzten euskararen inguruko lanak, Euskara Batzordeak sortu dugun bideo muntaia eta “Txor-txor euskara

z” ipuin erraldoia.                                               
-       Astea girotzeko egin den spotean DBHko ikasleen agerpena bideratzen.
      Herritar guztientzako hainbat ekintza daude prest astebeteko programazioaren barruan eta hernaniar denei zabaldu nahi zaie ekimenean eta ahaleginean parte hartzeko gonbita. Eta zuei, eskolako gurasoak zareten heinean, parte hartzera animatzen zaituztegu. 
      Denon artean ohitura txiki batzuk aldatuz egunerokoan euskaraz egiteko aukera badugulako.  Gurdi hau honaino ekarri duten gure aurrekoei zor diegulako. Euskararen eguna egunero izan beharko lukeelako. GORA EUSKARA!
EGITARAUA: Azaroak 30, 12:30etan irekiera ekitaldia Biterin. 16:00etan “Euskaraz bizi nahi dut” lasterketa. Abenduak 1, 11:00etan Tour linguistikoa. Abenduak 2, 3, 4, 5 erakusketa Biterin. Abenduak 5, 10:00etan eta 18:00etan Mintzodromoa.Abenduak 6, 13:00etan Kale antzerkia.

2013/11/14

EUSKARAZ BIZI NAHI DUT-Herri lasterketa



·     









   Data: Azaroak 30, larunbata, arratsaldeko 16:00etan. Lau kategoria egongo dira:
-         3-6 urte bitartekoak:                         200 metro
-         7-11 urtekoak:                                    500 metro
-         12-14 urtekoak:                      1.000 metro
-         15 urtetik gorakoak:              4.500 metro

  • Ibilbidea:
-         Haurrak: Ertzainen errotondatik Urbietara.
-         Helduak: Urbieta, Elkanon gora, Larramendi, Lizeaga, Atzieta, Florida, Sagastialde eta Urbieta. 4,5 km.

·        Izen- ematea: Azaroaren 18tik 27ra, Doberan (emailez, telefonoz, bulegoan bertan). Izena ematerakoan zenbaki bat emango zaie  zozketan parte hartzeko. Lehenengo hiru kategoriak dohakoa; laugarrenak (Doberan galdetu)


  • Kamixetak, lasterketa baino lehenago salduko dira (egunean bertan ez) Doberan.  Kamixeta bakoitzaren prezioa: 5 €

2013/11/05

EUSKARAREN EGUNAK

MINTZODROMOA 

Euskararen Nazioarteko Egunari begira, euskararen erabilera sustatzea  helburu duen “Mintzodromoa” antolatuko du Hernaniko  Udal Euskaltegiak, euskararen egunaren inguruan egingo diren jardueren barnean.

HELBURUA
Mintzodromoaren helburua euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera animatzea da; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea; euskalduna izan arren, ohituraz euskara gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea... azken batean, elkarrekin euskaraz aritzea.

ZER EGINGO DA MINTZODROMOAN
Lauko taldeetan, mahai baten bueltan euskaraz aritu aldez aurretik zehaztutako gaien inguruan. Mahai bakoitzean euskaraz maila ona duen laguntzaile bat izango da. 
15 minutuko txandetan arituko dira aldez aurretik zehaztutako gaiei buruz. Gai bakoitza lantzeko mahaiz aldatu beharko dute parte hartzaileek, beste hiru mintzakiderekin aritzeko. Laguntzaileak beti mahai berean egongo dira, dinamizatzaile papera egiteko.

ZENBAT SAIO ETA ZEIN ORDUTAN
Bi saio egingo dira, goizean bata eta arratsaldean bestea.
1.  10:00etan
2.  18:00etan

NOIZ IZANGO DA
Abenduaren 5ean, osteguna.

ZEIN LEKUTAN
Oraindik erabat zehaztu gabe dago, eguraldia nolakoa den, zenbat pertsonak ematen duen izena... alda liteke-eta. Ahal dela, eguraldiak laguntzen badu behintzat, kalean egin nahiko genuke. Esate baterako, Euskaltegi atarian, Atsegindegin...

IZEN EMATEAK
 Ikastetxean edota e-postaz ondorengo helbidean:euskaltegi@hernani.net

2013/06/20

ADAMA eta TANVEER

Banaiz Bagara elkarteari esker izan ditugu Adama eta Tanveer gure artean. Adama senegaldarra da eta Tanveer pakistandarra. Biak oso errealitate desberdinetik datoz, baina komunean EUSKARA dute. Beraien bisitari esker, Euskara Batzordearen beste asmoetako bat egia bilakatu da: KULTURARTEKOTASUN EGUNA ospatzea gure ikasleekin. Adamak bere kulturari buruzko aipamen batzuk egin zituen. Horien artean, neskek orain dela gutxi arte ez zirela eskolara joaten. Adama orain dela hiru urte etorri zen Euskal Herrira eta, gure DBH 3ko ikasle batek esan digun bezala "oso pertsona interesgarria iruditu zait, benetan gure kultura ikasi nahi duen pertsona da eta hiru urtez Euskal Herrian egon ondoren, asko integratu dela iruditzen zait gure hizkuntza eta kultura ikasiz eta errespetatuz". Tanveerrek Pakistango kirol arrakastatsu baten berri eman zigun: Cricketa. Cricketa jatorriz Ingalaterrakoa zela esan zigun, baina gaur egun hemezortzi errialde desberdinetan jokatzen dela. Horien artean Pakistan. Jokoaren osagaiak eta arauak azaldu ondoren, zelaira joan ginen eta han praktikan jarri genuen Cricketa. Ikasleak primeran ibili ziren, nahiz eta eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu. Inmakuladako Euskara Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Adama, Tanveer eta Banaiz Bagarari aurten gure egitasmoak aurrera ateratzen laguntzeagatik. MILA ESKER!

JOSEBA BALENCIAGA eta LEIRE HOLGADO

Joseba Balenciaga eta Leire Holgado, gure ikastetxeko bi guraso, EUSKARAZ ARITU DIRA gure ikasleekin. Ulibarri Proiektua dela eta, Euskara Batzordeak Guraso Elkarteari luzatu zion gurasoekin aktiboki lana egitearen asmoa. Beste ideien artean, familiako kideren batek ikasleekin EUSKARAZ ARITZEKO edozein jarduera aurrera eramateko aukera ikusten zuten galdetu zien, eta esan eta egin: Josebak dantza ikastaro bat eman die LH 5 eta LH 6ko ikasleei: Agurra eta Sorgin Dantza hain zuzen ere,ikasturte amaierako jaialdian ikusteko aukera izan genuena;eta, Leire Holgadok, berriz, alanbrea erabiliz lore polit batzuk nola sortu azaldu die gure LH 5eko ikasleei. MILA ESKER parte hartzeagatik!

2013/06/09

EUSKARAZ JOLASTEN

Aurreko ostiraleko saioan, Beñat izan genuen berriz ere guraso tailerrean. Gurasoak euskaraz jolasten aritu ziren, baina horretaz gain, haurrekin euskaraz jolastearen garrantziaz ere hitz egin zien Beñatek. Hori bai, beti modu positiboan. Bestalde, orain dela bi aste, Jenny eta Ion izan genituen. Jennyrekin dantzan saio atseginaz disfrutatzeko aukera izan genuen. Ionek, aitzitik, "euskara" - "erdara" eta "euskalduna" - "erdalduna" estereotipoen inguruan hausnarketa txiki bat egitera gonbidatu gintuen.

TXOR-TXOR EUSKARAZ gure ipuina

Aurtengo ikasturtean Euskara Batzordeak bere logo propioa sortu du, TXOR - TXOR . Baina, ez da logo soil bat, bere sorrerari lotutako istorio polit bat du. Hona hemen ipuina.

2013/05/12

GURASO TAILERREAN DANTZAN




Aurreko ostiralean gure ikastetxeko gurasoak dantzan ibili ziren kolonbiar erara. Jenny Perlaza, soin heziketako irakaslea lanbidez, gorputza, hizkuntza eta autoestimua uztartu nahi izan zituen bere dantza irakasterakoan. Ion Olanok, berriz, AEKko irakaslea bera, tailerrari hasiera eman zion hizkuntza(euskara) eta autoestimuari buruzko tailerra eskainiz.

2013/05/08

Inmakulada Ikastetxea BERRIA egunkariaren alde

Aurreko larunbatean, maiatzak 4, Berria egunkariaren aldeko kale buelta antolatu zen, eta, nola ez, Inmakulada ikastetxeak parte hartzea erabaki zuen.
Kale buelta ikastetxe guztietako ikasle, guraso zein irakaslek egin genuen trikitixa musika lagun genuela. Amaieran, Porrotxen emanaldi dibertigarri
batez gozatzeko parada izan genuen.

2013/04/29

IKASLE BATZORDEKO OHAR TAULA



DBHko ikasle batzordeko kideei esker, ohar taula martxan jarri dugu. Bertan, batzordekoek bere ikaskideei helarazi nahi dieten informazio interesgarria zintzilikatzeko asmoa dute: Euskal musika, liburu gomendagarriak, bideoklipak, kirol norgehiagokak, Gazte Txokoko ekintza interesgarriak... hainbat eta hainbat gaien inguruan arituko dira.
Bestalde, Euskara Batzordeak, guraso zein ikasleei jakinarazi nahi dieten informazioa zintzilikatuko du.



2013/04/26

MUNDUA EZAGUTZEKO AUKERA


Lortu dugu!
Datorren ostiralean, maiatzak 3, 15:30ean, gurasoek eskatutako tailerrei hasiera emango diegu: euskara ikasteko tailerra, nerabezaro edo eskola arazoen inguruko tailerra… Gogoan izan, ikastetxeak, Banaiz Bagara elkartearekin batera DOHAIN eskeintzen dizkizuela.
Tailerren iraupena maiatzaren 3tik ekainaren 21a arte izango da, bi data horiek barne. Kontuan izanik, zuen seme-alabek jornada jarraia dutela ekainaren bigarren astetik aurrera, ekainaren 14ko eta 21eko tailerrak seme-alabekin batera izatea pentsatu dugu, edo, seme-alabentzat ordu berean beste taillerren bat sortzea. Hori elkarrekin erabakiko genuke.
Lekua: DBH 1eko gela.

EUSKARA MOTIBAZIO SAIOAK



Euskaraz hitz egin edo ez hitz egin, hor dago koxka… Ba bai, hitz egin, zalantzarik ez!
Dilema honen inguruan eta euskararekin eta munduko beste hizkuntzekin  zerikusia duten beste gako batzuen inguruko hausnarketa egitea da saio hauen helburua. Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak antolatzen ditu eta, aurten, DBH 1. eta 2. mailako ikasleekin eramango ditu aurrera. Apirilaren 23an DBH1eko ikasleekin eta apirilaren 30ean, DBH2ko ikasleekin.Lehiaketa moduan, guztiz ludiko eta dinamikoa, ikasleentzako erakargarria eta funtsezkoa, gure gazteak euskararen inguruan jirabiraka ibiliko dira.
Eskerrik asko Dobera, eskerrik asko Aitziber eta Nagore!

2013/04/10

KORRIKA 18





Kaixo danori!
Dagoeneko ahaztu zaizue Korrika 18a?
Hori gerta ez dadin, hemen dituzue argazki batzuk (klikatu argazkiak karpeta).








2013/02/21

 IKASLEEN INFORMAZIO GUNEA SORTZEN

Hona hemen gure Ikasle Batzordeko bi kide jo ta fuego lanean zuei interesgarriak zaizkizuen berriak helarazteko bidea sortzen.