2013/06/20

ADAMA eta TANVEER

Banaiz Bagara elkarteari esker izan ditugu Adama eta Tanveer gure artean. Adama senegaldarra da eta Tanveer pakistandarra. Biak oso errealitate desberdinetik datoz, baina komunean EUSKARA dute. Beraien bisitari esker, Euskara Batzordearen beste asmoetako bat egia bilakatu da: KULTURARTEKOTASUN EGUNA ospatzea gure ikasleekin. Adamak bere kulturari buruzko aipamen batzuk egin zituen. Horien artean, neskek orain dela gutxi arte ez zirela eskolara joaten. Adama orain dela hiru urte etorri zen Euskal Herrira eta, gure DBH 3ko ikasle batek esan digun bezala "oso pertsona interesgarria iruditu zait, benetan gure kultura ikasi nahi duen pertsona da eta hiru urtez Euskal Herrian egon ondoren, asko integratu dela iruditzen zait gure hizkuntza eta kultura ikasiz eta errespetatuz". Tanveerrek Pakistango kirol arrakastatsu baten berri eman zigun: Cricketa. Cricketa jatorriz Ingalaterrakoa zela esan zigun, baina gaur egun hemezortzi errialde desberdinetan jokatzen dela. Horien artean Pakistan. Jokoaren osagaiak eta arauak azaldu ondoren, zelaira joan ginen eta han praktikan jarri genuen Cricketa. Ikasleak primeran ibili ziren, nahiz eta eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu. Inmakuladako Euskara Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Adama, Tanveer eta Banaiz Bagarari aurten gure egitasmoak aurrera ateratzen laguntzeagatik. MILA ESKER!

JOSEBA BALENCIAGA eta LEIRE HOLGADO

Joseba Balenciaga eta Leire Holgado, gure ikastetxeko bi guraso, EUSKARAZ ARITU DIRA gure ikasleekin. Ulibarri Proiektua dela eta, Euskara Batzordeak Guraso Elkarteari luzatu zion gurasoekin aktiboki lana egitearen asmoa. Beste ideien artean, familiako kideren batek ikasleekin EUSKARAZ ARITZEKO edozein jarduera aurrera eramateko aukera ikusten zuten galdetu zien, eta esan eta egin: Josebak dantza ikastaro bat eman die LH 5 eta LH 6ko ikasleei: Agurra eta Sorgin Dantza hain zuzen ere,ikasturte amaierako jaialdian ikusteko aukera izan genuena;eta, Leire Holgadok, berriz, alanbrea erabiliz lore polit batzuk nola sortu azaldu die gure LH 5eko ikasleei. MILA ESKER parte hartzeagatik!

2013/06/09

EUSKARAZ JOLASTEN

Aurreko ostiraleko saioan, Beñat izan genuen berriz ere guraso tailerrean. Gurasoak euskaraz jolasten aritu ziren, baina horretaz gain, haurrekin euskaraz jolastearen garrantziaz ere hitz egin zien Beñatek. Hori bai, beti modu positiboan. Bestalde, orain dela bi aste, Jenny eta Ion izan genituen. Jennyrekin dantzan saio atseginaz disfrutatzeko aukera izan genuen. Ionek, aitzitik, "euskara" - "erdara" eta "euskalduna" - "erdalduna" estereotipoen inguruan hausnarketa txiki bat egitera gonbidatu gintuen.

TXOR-TXOR EUSKARAZ gure ipuina

Aurtengo ikasturtean Euskara Batzordeak bere logo propioa sortu du, TXOR - TXOR . Baina, ez da logo soil bat, bere sorrerari lotutako istorio polit bat du. Hona hemen ipuina.